Leitzako Udalak eta Kaxkabeltza Elkarteak elkarlanean martxan jarritako egitasmo honekin, Covid-19aren osasun krisiagatik kaltetuak izan diren komertzioetan erosketak egitea bultzatu nahi da; baita herriko komertzioek elkarlanean eta elkarrekin lan egitea ere.
Horretarako, 500 erosketa txartel jarriko dira salgai eta herritarrek 20 euroren truke, 10 euroko hiru bono eskuratzeko aukera izanen dute. Udalak 30 euro horiek osatzeko falta diren 10 euroak jarriko ditu eta horrenbestez 5.000 euro ordainduko dizkio Kaxkabeltza Elkarteari, kanpaina hau gauzatu ahal izateko. Honela, Leitzako komertzioetan 15.000 euro baina gehiagoko mugimendua sortuko du bono txartelen kanpainak.
Bono txartelak ekainaren 22tik 26ra salgai jarriko dira
Udaletxeko karrapeko tabernan. Leitzan bizi diren 16 urtetik gorako herritarrek erosi ahalko dituzte eta bakoitzak bono sorta bakarra erosi ahalko du.
Bonoak uztailaren 1etik abuztuaren 10era arte erabili ahalko dira Kaxkabeltzako komertzioetan. Kanpainarekin bat egiten duten komertzioek kartel bat jarriko dute ikusgai.
Udalak ekarpen berezia egin nahi izan dio aurten Kaxkabeltza Elkarteari. Urtero adosten den hitzarmenean 1.000 euroko dirulaguntzari beste 6.000 euro gehituko dizkiote. Horietatik 5.000 euro Leitzan kontsumitzeko bonoen kanpaina hau finatzatzeko izanen dira eta gainerako 1.000 euroak herrian kontsumitzeko sentsibilizazio kanpainak indartzeko bideratuko dira.
Modu honetan, elkartearen esfortzua balorean jarri nahi izan du udalak eta herriko komertzioek elkarlanean eta elkarrekin lan egitearen garantzia azpimarratu eta eskertu nahi du. Horregaitik, Leitzako Udalak Kaxkabeltzari bazkide berriak gonbidatzeko konpromezua eta komertzio berrieri ongietorria luzatzeko konpromezua hartzeko eskatu die.
